2012/06/28

EKAINAK 28


SEXU ASKATASUNAREN ALDE GAUR MANIFESTAZIOA eta BIHAR FESTA !!!
GOZATU, ZAINDU eta ERANTZUN !! 
ANIMATU eta BATU ZAITEZTE !!

Txertatutako irudia 1


Sexualitatea aske bizitzeak, sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean arau haustea suposatzen du. “Lesbiana naiz eta harro nago” diot lagun artean, baina baita ere, tabernan, herriko plazan, kalean edota ikastetxean. Lesbiana gisa jarduteak emakumeoi txikitatik ikastetxean, etxean, pulpitutik, telebistan irakatsi nahi izan dizkiguten guztiarekin haustea dakar: emakume onak; amak, gizonaren plazeraren iturri, zintzoa, finak, familia eredu tradizionalaren sustatzaileak, erromantikoak, ezkonduak. 

1525.urtean zegoen emakume onaren irudi berdintsua lehenesten da egun ere: gaztea, isila, ezkondua… eta gaiztoa aldiz, zaharra, alarguna, askea, saltsera… sorgin ehizaren biktima asko azken hauek izan ziren. Eta gaurkoan, sorgin ehizarik aurreikusten ez dugun arren, parez-pare ditugu boteredun kontserbadore ultra eskuindarrak, sexualitate eredu androzentriko heretosexual tradizionaletik kanpo kokatzen den, garen ororen aurka joaz: espainiako gobernuan batzuk; dekretuen bidez jendartean ematen ari diren aldaketa sozialak, sexualitatea bizitzeko moduei dagozkionak ere, ezkutarazteko eta ukatzeko dekretuak egiten: euren telebistetan bizitzak markatzen duten norabide, ibilbidetik ateratzen den oro gutxiesten. 

Krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, balore batzuen (elkartasuna, adeitasuna, askatasuna) krisia sustatzen ari dira botere-gune politikoetatik eta hauen esku dauden bitarteko guztien bidez (adibidez, hezkuntzan ideologizazio eskuindarra),  balore diskriminatzaileak sustatzeko doktrinamendua martxan jartzen ari dira. Eta egoera honen aurrean, lesbianok egoera zaurgarriago batean egon gaitezkeela aurreikusten dugu. 

Baina zailtasunak-zailtasun, gure sexualitatea askatasunez bizitzeko hautua egiten dugunok, harro gaude! Zergatik? Sistema patriarkal heterosexistak dituen horma zurrunetan, txirrikituak aurkitzen jarraitzen dugulako, gure praktika sexualak aztertu eta sexualitatea eredu berrietara jotzeko apustua egin dugulako, bizitzeko era indibidualak kolektibizatu ditugulako, horretan dago gakoa. Sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean, arauen barnean sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin lotzen ditugu, horregatik gaude harro! Ez ditugulako praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Instituzio patriarkalentzat, baina jendartean oro har, pertsonok hartzen ditugun erabakiak ez dira berdin ikusarazten eta ez dituzte epai sozial berdinak: bereizkeriak daude. Ez da berdina gay exekutibo bat izatea edo etxeko langile lesbiana bat, edo sexu langile transexuala. Lesbiana izatea zailtasunez betetako aukera dela gogorazi nahi dugu: oraindik orain, jendarteak epaitzen zaituelako, etxean zein kalean, ama izatea baldintzatzen dizutelako, sortu nahi duzun familia eraketa mugarazten dizutelako, kalean erasotzen zaituztelako. Eta transexuala izatean zailtasunak areagotzen zaizkigu; jaiotzen garen gorputzaren arabera ezartzen dizkiguten sexu kategoriek norberaren baitan sortzen dituen presio psikologikoez gain, presio sozial, moral eta instituzional izugarriak jasan behar baititugu.
Onak eta gaiztoen banaketaren aurrean  oso garrantzitsua da  lesbiana, transexual edo era hegemonikotik at kokatzen diren adierazpen guztiak ikusaraztea. Jendarte mailaketa eta estigmatizazioarekin amaitu beharra dago ezinbestean. Jendartearen irekitasun faltsuaren ideia salatu behar dugu eta horretarako tresnarik eraginkorrena praktika bera da.

Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langile transexuala, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, lagun familia e.a. guztiek, familia eredu patriarkarraren nagusitasuna ezbaian jartzen dugu. Monogamiari hordagoa bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak ere geroz eta gehiago gara. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

Euskal Herriko Bilgune Feminista, 2012ko ekaina


Txertatutako irudia 2

HETEROKAPITALISMOAREN AURKA!

Hemen gaude berriz ere Stonewall-eko matxinada iraultzaileak indartutako borroka ospatu eta aldarrikatu asmoz. Egun hartan, transak, putak, bollerak, maritxuak eta gainontzeko disidenteak batu egin ziren etsaiaren aurka egiteko, hau da, arautik ateratzen diren gorputzak eta adierazpenak baztertzen eta zigortzen dituen sistema heterosexistaren aurka zein hori gauzatzen duen poliziaren aurka egiteko. Gaur egun oraindik ere etsai berberaren aurka borrokatzen jarraitzen dugu!
Etsai horrek hiri-legeen bidez normatiboak ez diren adierazpen sexualak zentsuratzen eta arautzen ditu, zapalkuntza legitimizatuz. Transak, bollerak eta gainontzeko disidente sexualak zigortuak izaten jarraitzen dugu, familia nuklearrean oinarritzen den eredu heterosexualera ez egokitzeagatik. Emakume/gizon binarismoari, praktika sexual tradizionalei, ezkontzari eta familia nuklearrari intsumisioa egiteagatik, haien hitzetan genero terroristak bilakatzen gara, eta horregatik sistemak desagerrarazi nahi gaitu. Izan ere, ez gaitzatela engaina, sistema heterokapitalistak gu bere arauetara egokitzea behar du, erreproduzitzen jarraitzeko eta hala, bere produkzio logikarekin aurrera egiteko.
Zapalkuntza sistema honek sistema kapitalista du lagun. Izan ere, sistema kapitalistak gure ongizatea merkatuaren eskura jartzen baitu, bizitza jarri beharrean ekonomiaren eta politikaren erdigunean. Era horretan, kapitalari gure ongizateari baino estatus handiagoa ematen zaio, eta are handiagoa da kapitalari egotzitako estatus hori, bazterretan kokatzen gaituzten, gaur hemen bilduta gauden pertsona guztion ongizateari erreparatzen badiogu.
Zailtasunak zailtasun, gure sexualitatea askatasunez bizitzeko hautua egiten dugunok, harro gaude! Zergatik? Sistema patriarkal heterosexistak dituen horma zurrunetan, zirrikituak aurkitzen jarraitzen dugulako, gure praktika sexualak aztertu eta sexualitatea eredu berrietara jotzeko apustua egin dugulako, bizitzeko era indibidualak kolektibizatu ditugulako eta sexualitateari zein plazerari, dimentsio politikoa eman diegulako. Sexualitate hegemonikoaren aurrean, ertzeetan kokatzen ditugun praktika oro iraultzarekin lotzen ditugu.
Gainera, sistema heterokapitalistak PPren babesa du. Murrizketekin gure bizi segurtasuna kolokan jartzen dute. Guzti hori, noski, eliza katolikoak sustatzen duen eskuin muturreko ideologiaren konplizitatearekin. Ba jakin dezatela, gure lumak gustuko ez badituzte, euren muturrean astinduko ditugula!
Horregatik guztiagatik bazterretara batu zaitezten gonbitea luzatzen dizuegu. Birsortu ezazue zeuen burua, ihes egiozue arauari, utzi iezaiozue sistema heteropatriarkalaren joko zitalera jolasteari. Krisiaren aurrean aurpegia aldatu eta izan zaitezte zuek ere genero terroristak!

Ongietorriak bazterretara!!!

TRANSMARIKABOLLO KOORDINADORA FEMINISTA


-- 
_Donostiako Bilgune Feminista_