2010/02/10

Sexualitate tailerra Arrasaten

---

Larraitz Arando. Sexologoa eta psikologoa

'Ule nahasixaz gozatu!' lelopean, emakumeen desira eta erotika lantzeko asmoz, jostailuak bitartekari bihurtuko dituzte Larraitz Arandok emakumeentzat emango duen ikastaroan.

«Inguruan ditugun materialekin sor ditzakegu jostailu erotikoak»

Ane Olaizola. Donostia

Emakumeen jabetza eskolen barruan, jostailu erotikoen inguruko tailerra antolatu dute Arrasaten (Gipuzkoa) Emakumeen Txokoak eta Sexologia Zerbitzuak. Larraitz Arandok (1979, Aretxabaleta, Gipuzkoa) emango ditu eskolak, hilaren 19an eta 26an, Arrasateko Emakumeen Txokoan, hiru orduko bi saiotan banatuta. Izena emateko, (34) 943-79 41 30 telefonora deitu behar da, bihar baino lehen.

Zertan datza jostailu erotikoen tailerra?

Emakumeen erotika eta desirara gerturatzeko asmoz, alde intimoekin harremanetan jarriko dira bertaratzen diren emakumeak, jostailu erotikoak bitartekari izanda. Izan ere, jostailu erotikoak eremu goxoetan erabiltzen ditugu, eta une horietan sortzen diren zalantzen, lotsen, desiren eta posturen inguruan hitz egiteko gune bat sortu nahi izan dugu.

Sexualitatearen eta inguru intimoen arteko harremanak landuko dituzue ikastaro honetan. Nola egingo duzue hori?

Alde batetik, jostailu erotikoak sortuko ditugu. Ez ditugu betiko jostailu komertzialak erabiliko. Gure inguruan ditugun eta egunerokotasunean erabiltzen ditugun materialekin lau jostailu inguru egingo ditugu. Eta horien inguruan eta beste jostailuen esperientzien inguruan ere jardungo dugu. Bestetik, hausnarketara ere bideratuko dugu ikastaroa; plazeraren inguruan kritikotasuna ere landuko dugu. Izan ere, beti pentsatzen dugu guztioi gauza berak gustatu behar zaizkigula sexualitatean, eta hori ez da horrela. Beraz, ezagutza berriak ere jorratuko ditugu.

Orduan, sexuaren inguruko estereotipoak apurtzen saiatuko zarete?

Emakumeek euren kabuz erosi dituzten jostailuekin jolastea existitu ez den errealitatea izan da urteetan. Baina orain, bat-batean, pil-pilean eta modan dagoen gaia bihurtu da, trantsiziorik izan gabe. Jauzi horretan, emakumeen lotsak, beldurrak, desirak eta beste gordetzen dira. Beraz, sentimendu horiek kaleratzen direnean, beharbada, orduan apurtu daitezke estereotipoak. Bestalde, moda honen ondorioz, badirudi emakume guztiok erabili behar ditugula jostailuak, eta guztiok egon behar dugula sexualitatearekin txoratzen, baina, beharbada, ez da horrela. Gure desira askotan desitxuratuta egoten da, gure gorputzari entzun gabe jokatzen dugu askotan. Beraz, hori apurtzen ere saiatu behar dugu.

Horregatik utzi al dituzue alde batera ohiko jostailu erotikoak?

Bai. Tresna horiek normalean genitaletara zuzenduta egoten dira. Baina gure gorputzean badaude jolas egiteko beste leku batzuk ere. Beraz, gure gorputzari entzunda sortuko ditugu jostailuak ikastaroan; nork bere inguruan dituen gauzekin ere jolastu daiteke, eta gure etxeak ere oso erotikoak izan daitezke.

Beraz, kontsoladoreak, bola txinatarrak eta ohiko beste tresnak alde batera utziko dituzue.

Bai. Dirua gastatu gabe jolasteko tresnak baditugu gure inguruan; oihalak eta papera, esate baterako. Orduan, sorkuntza bultzatu nahi dugu; tresna komertzial horiek gaur egun gizartean ohiko diren desira ereduei soilik erantzuten diete. Beraz, horren ondorioz, beste sentipen asko galtzen ditugu. Gaitasun horiek aktibatu behar ditugu, beraz.

Ikastaroan norberaren ezagutza ere landuko duzue. Sexualitatearen eta gure gorputzaren inguruan oraindik ezjakintasuna dagoela uste al duzu?

Urteetan sexualitatea ezkutatuta egon da. Orain, pentsatzen da guztiok jakin behar dugula sexualitatearen inguruko guztia. Horregatik, ez gara ausartzen norberaren nahiak eta gustuak azaleratzen, eta ezjakintasun hori erakusteko beldurra dugu. Bestalde, emakumeen gorputzari dagokionez, gizonezkoenaren aldean gordeago izan dugu; gizonezkoek euren genitalekin harro egon behar dutela ikasi dute, eta emakumeek, berriz, zerbait zikina eta gorde behar dutena dela. Gainera, nerabezarotik aurrera mirariak egiteko gauza bihurtzen da alua. Gainera, film erotikoetan eta telebistan beti estetika berdineko aluak ikusten ditugu. Hori ere ez da horrela. Beraz, oraindik ere badugu zer ikasi.




---

No hay comentarios: