2010/07/26

DONOSTIAKO BE-BOP TABERNAN ERASO SEXISTA BORTITZA




DONOSTIAKO MATXISMOA SALATZEKO KOMUNIKATUA 

Transmarikabollo Koordinadora Feministako kideok espazio publikoetako biolentzia sexista salatzen dugu, baita jendarteak zein instituzioek egunean-egunean Donostiako aisialdi guneetan gertatzen diren erasoekiko erakusten duen tolerantzia altua ere.

Donostian gertatutako azken eraso matxista salatzen dugu, 2010eko uztailaren 22an gaueko 1:30 inguruan gertatutakoa:

Lagun talde gazte bat (lau neska eta mutil bat) pote batzuk hartzera atera zen eta Be-Bopen amaitzea erabaki zuen. Dantzatzen ari zirela, tipo bat neska horietako batengana hurbildu eta lepotik heldu zion (hori da askok eta askok ligatzeko duten era, parean dutenaren onespena kontutan hartu gabe). Bi lagunen artean paretik kendu zuten arren, tipoak, berriz ere, nesketako beste bati lepotik heldu zion, baina oraingoan indar handiagoz. Lagunetako bat tipoa banantzen eta aldentzen saiatzean, hark indar handiagoz heldu zuen neska. Une hartan, lepotik helduta zegoen neskak, erasotzailearengandik banantzeko asmoz, edalontzian zuen garagardoa aurpegira bota zion. Ordainetan, bi aldiz pentsatu gabe, erasotzaileak edalontzia neskaren kopetan lehertu zuen, neska guztiz askatzera iritsi gabe. Aurpegi osoan zehar ebakiak sorrarazi zizkion, odol jario ikaragarria eraginez.

Orduan, tabernari bat erasotzailea kanporatzera etorri zen, inongo momentuan hura erretenitu eta bere identifikazioari bide emateko intentziorik azaldu gabe. Lagunek, berehala, erasoa jasandakoari babesa ematera jo zuten eta tabernaren parean zegoen banku batera eraman zuten. Tabernako langile bat bera ere ez zen bankura hurbildu neskaren segurtasunaz arduratzeko. Bankuan bertan, DYAk lehenbizi eta Gurutze Gorriak ondoren, laguntza eman zioten neskari. Azkenik, Gurutze Gorriak neska ospitalera eraman zuen.

Polizia Munizipala eta Ertzaintza azaldu ziren eta ardura noren esku geratuko zen zozketatzen bezala aritu ziren. Azkenik Udaltzaingoaren esku utzi zuten. Horiek, erasoa jasandako neskaren identifikazioa eta erasotzailearen deskripzioa besterik ez zuten eskatu. DYAk eskainitako informazioaren aurrean (eskua odoleztaturik zuen mutil bat Zurriolarantz korrika ikusi zutenaren inguruan), udaltzainek neskari bere adina galdetu zioten. Polizia agertu arte tabernako langilerik ez zen establezimendutik atera.

Eraso hori, Be-Bopen eta beste taberna askotan sarri gertatzen diren adibideetako bat besterik ez da. Emakumeoi etengabe intimidatzen, baboseatzen eta gutxiesten zaigu aisialdi guneetan. Batzuek uste dute ez garela euren nagusikeriatik zein kolpeetatik defendatuko, eta euren erasoak erantzunik gabe geratuko direla, izan ere, erasotzaileek Donostiako taberna askoren babesa izaten baitute.

Hori guztia dela eta, ozenki, publikoki eta kalean salatzen dugu, zigorgabetasun osoz etxe barruan zein kanpoan egiten diren erasoak arbuiatzen ditugula, baita horiekiko jendarteak duen konplizitatea ere. Halaber, instituzio publikoek biolentzia sexistarekin amaitzeko duten arduragabekeria ere salatzen dugu.


Erasorik ez erantzunik gabe!!!


GORA BORROKA FEMINISTA!!!


---

No hay comentarios: