2010/09/14

Kontxako Banderaren afixari buruzko hausnarketa

--
??????????????????????????????
??????????????????????????????
 

Aurten Kontxako Bandera iragartzeko Donostiako Udalak aukeratu duen argazkia ikusita, aise pentsa liteke estropadak baino, maratoia edo triatloi proba bat iragartzen dituela aipatutako afixak. Ikusi ez duenarentzat, deskribapena: itsura zoriontsuko gizon batek irabazi berri duen bandera astinduz ospatzen du lorpena.

Eta hor sortzen da hainbatek geure buruari egindako galdera: arrauna bezalako kirol batean oinarri-oinarrian dagoena ez al da ba talde lana? Arraunaz gehiegi ez dakienak ere jakin badaki arraunlari talderik gabeko patroia ez dela oso urrutira iritsiko itsasoan barrena...

Halere, bada hizpide dugun iragarkiak erakusten duen irudia eta ezkutatzen duenaren inguruko beste hausnarketa bat: orain bi urte, denbora luzez gauzatutako lanari esker, emakumez osatutako traineruek ere lehiatu zuten Kontxako Bandera. Aurten hirugarrenez lehiatuko dute, beraz. Donostian emakumeen estropada aurrera eramatea lorpen handia da, eta batek baino gehiagok pentsatu genuen bazela garaia! Baina aipatutako kartelari erreparatuta, badirudi emakumeen estropada bertan behera gelditu dela 2010. urtean, inondik inora ez baita ageri emakumerik, ez aipamenik, ezta ezer ere. Emakumeak guztiz ikusezinak gara.

Oso larria iruditzen zaigu Udalak afixa hau erabili izana, Udalak berak adostutako berdintasun planak bulegoren batean galduta daudela, baina lanerako tresna bezala erabiltzen ez dituztela islatzen baitu hain zuzen ere.

Jendarte hau eraldatu nahi badugu, gizon-emakume arteko harreman orekatuak sortu nahi baditugu, ardura guztiona da; bai instituzioena, bai eremu ezberdinetan lanean diharduten eragileena eta baita norbanakoena ere. Beraz, hitz hauen bitartez Donostiako Udala interpelatu nahi dugu, dagokion ardura bere gain har dezan eta parekidetasunaren alde egiazko pausuak eman ditzan, baina baita jendarteak oro har ere, begiak ireki ditzan, bereizkeria egoerak ikusi eta salatu ditzan, onartu ez ditzan.

Ekin diezaiogun talde lanari: parekidetasunaren estropadan denok gara arraunlari, eta denok dugu zer irabazia.





Donostiako Bilgune Feminista, 2010eko Iraila

--

No hay comentarios: