2011/04/05

MATXISMOARI KAÑA BETI!

--



ERASOEN AURREAN AUTODEFENTSA FEMINISTA!!

Notizia beldurgarriarekin hasi dugu aste hau ere, YANELA ZARUMA CABRERA, 22 urteko neska gazte Burlatarra hilik aurkitu dute Beriaingo La Morea lakuan.

         Erailketa hau ez da kasu isolatua, 2011ri hasiera eman genionetik, indarkeria sexistaren ondorioz eraildako bigarren emakumea baita. Ezin ahaztu 2010ean ere 8 emakume izan zirela erailak. Indarkeria kasuak pillatzen doaz eta egoera honen aurrean feministok kezkatuak, nazkatuak eta haserre gaude.

Emakumeon kontra ematen diren eraso guztietan sexismoa inplizituki bada ere beti agertzen da. Hortaz, Yanela emakume izateak bere erailketan eragina izan duela iruditzen zaigu. hildakoa eta hiltzailearen arteko menpeko harremana ezin aipatu gabe utzi. Emakumeen kontrako indarkeria egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan ematen dena. Patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbideratzen dute indarkeria sexista eta batzuetan zuzenean ematen da eta besteetan aldiz zeharka.

Minduta gaude, emakumeen kontrako indarkeriak ez duelako etenik, horren adibide dira aurten eraildako bi  emakumeak, baita 2009tik desagertua dagoen Nora Gasteiztarraren kasua ere. Indarkeria mota hau gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol  mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia.

Ozen salatu nahi dugu Yanelaren erailketa. Lehen bait lehen gertatu dena argitzeko eskatzen dugu batetik. Bestetik familia eta lagunei gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu une gogor hauetan. Emakumeon indarkeriaren aurrean erantzunkizuna guztiona da. Jendarte eredu berri bat beharrezkoa dugu.

Azken hilabetetako gertaera larri hauek beldurra zabaldu dute jendartean. Txikitatik irakatsi digute emakumeoi beldurra sentitzen, honek emakumeok espazio publikoetan lasai eta aske ibiltzea eragozten digu. Beldur honen helburua ez da inondik inora gu babestea, baizik eta izu sentimendua areagotzea eta gu geldirik mantentzea. Ez gaituzte gure gorputzen burujabe egin nahi eta ezta gure bizitzen jabe ere.

 Beldurtzen gaituenaren aurrean, erasoen aurrean, autodefentsa feminista eta gure arteko elkartasuna lantzen jarraituko dugu. Yanelari gertatua, guztioi gertatu zaigula sentitzen dugulako, oihu egin nahi dugu: Indarkeri sexistarik ez!  Emakumeon kontrako indarkeriari aurre hartu!

Euskal Herriko Bilgune Feminista
2011ko Apirilak 5ean

No hay comentarios: