2011/06/07

Borrokak merezi duelako, zorionak jangeletako langile borrokalari guztiei

--
Garaipen txiki-haundi honek argi erakusten digu antolatzeak, borrokatzeak, elkartasunak, e.a. merezi duela, bidea zaila izan den arren, jangeletako langileok irabazi duzute! Zorionak!
argazkia berriak
Hiru urteko lan gatazka eta lau aste iraun duen greba atzean utzi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako behargin pribatuek. ELA eta LAB sindikatuek patronalarekin akordiorako oinarria sinatu ostean, erabaki dute langileek grebarekin amaitzea. Borroka oinarri izan duten hiru urte eta 30 egunetako lanuzte gogorraren ondoren pozik. Gogorra izan da ez soilik patronalak eta Eusko Jaurlaritzak presionatu dituztelako, hauez gain, haurren gurasoengandik irainak eta presio sozial zein moralak jasan behar izan dituztelako. Denbora hontan zehar, langileok grebarako eta borrokarako dugun eskubidea oztopatzeko saiakera ezberdinak egin dituzte, baina ez dute lortu euren helburua, hau da, langileak, ixil-ixilik jangeletara itzultzea. Garaipen txiki-haundi honek argi erakusten digu antolatzeak, borrokatzeak, elkartasunak, e.a. merezi duela, bidea zaila izan den arren, jangeletako langileok irabazi duzute! Zorionak!

«Akordio hau emaitzak eman dituen borroka luze eta gogor baten testuinguruan kokatuta dago», azaldu du Noemi Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak. Sutsu aldarrikatu duten arren, azkenean ez dute lortu soldata lan berbera egiten duten behargin publikoekin parekatzea. Soldatak %97,5 parekatzea adostu dute. Hala ere, pozik daude: «Jauzi garrantzitsu bat da diskriminazioa bukatzeko bidean», azaldu dute.

Hauxe da hitzarmenean adostutakoa: (Berria egunkaritik hartua. Albiste osoa irakurri)

Soldatak %97,5ean parekatzea lortu dute.Parekatze hori urratsez urrats egingo dute. Alegia, %97,5 hori 2013-2014ko ikasturteko soldatetan nabarituko dute. Bukatzear dagoen ikasturte honetan %95ekoa izango da, hurrengoan %95,83koa, eta 2012-2013ko ikasturtean %96,66koa. Iaz eta duela bi urte kobratu gabe utzitako zenbatekoak ere ordainduko dizkiete. Azken batean, atzo sinatutako hitzarmen horrek sei ikasturteko iraupena dauka: 2008-2009tik 2013-2014ra.

Gurasoek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adostutako hemezortzi orduak hitzarmenean sartzea ere lortu dute. Aurrerantzean zerbitzua hobetzeko asmoz, ordu horiek langile guztien ohiko jardunean sartuko dituzte. Modu horretan orain arte sindikatuek salatu duten diskriminazioa saihestu ahal izango da. Izan ere, ordu horiek adostu zirenetik begiraleek baino ez zuten betetzeko aukera izaten. Ohiko jardun horretan sartu dira, halaber, formaziorako sei ordu. Urteko lan jarduna jardun partzialera egokitzeko formula aldatzea ere onartu du patronalak, luzapen aldia kenduz.

Behargin publikoen soldatarekin parekatzeko eskaerari produktibitateari lotutako soldata gehigarriarekin erantzun zioten enpresek. Azkenean, baina, ideia hori baztertzea onartu du patronalak. Ikasturteko hamabi ordu izango dituzte medikutara joateko.«Absentismoa ezin dela soldata kalkulatzeko tresna izan aitortzea lortu dugu», esan du Etxebarriak.

Zerbitzua hobetzea eta jangeletako beharginek egiten duten heziketa lana aitortzea ere erdietsi dutela diote. «Beste behin, borrokak duen balioa azpimarratu nahi dugu. Gu desaktibatzen saiatu dira enpresak, Jaurlaritza, familia batzuk eta hedabide batzuk. Gure borroka gutxiesten saiatu dira; baina, orain, zer nahi duen badakien eta hori lortu arte borroka egiten duen kolektibo borrokalari batek merezi duen miresmena eman beharko digute», aldarrikatu du.

Aukera horren inguruan egondako tirabirak atzean utzita, azkenean lan bitartekariarengana jo dute. Alde batetik, sindikatuek argitu nahi izan dute inoiz ez diotela aukera horri uko egin. Akordio hori negoziazio mahaiaren barnean egin behar zela mantentzen dute oraindik ere, «lan hitzarmenaren negoziazio orori dagokion moduan». Hala egitea «enpresen jarrera itxiak eragotzi» duela salatu dute. «Bere garaian, bitartekariaren aukera baztertu gabe negoziazioari aukera ematearen aldeko hautua egin genuen. Konponbidea hor zegoela baloratuta, horren arabera jokatu dugu».

Bitartekaritzara jo aurretik eztabaidarako puntu gatazkatsuenak adostu dituztela ohartarazi dute. Alegia, enpresek eta bi sindikatuek akordioa dagoeneko sinatua dute: «Azken batean hitzarmen bat da, eta ondo idatzi behar da».

Euskal Herriko Bilgune Feminista


--

No hay comentarios: