2011/02/06

GARAIPEN BATZUEN IBILBIDEA: Donostiako danborradak.

--
Donostiako Bilgune Feministatik urteak daramatzagu jai parekideagoen alde lanean. Ibilbide luze honetan zehar garaipenak ere lortu ditugu eta zuekin konpartitu nahian, Emaraun honetan tartetxo bat eskaini digute.

2003. urtearen aurretik, Donostiako Kalderero Ofizialetan gizonek bakarrik har zezaketen parte. Zergatik? Udalak Kalderero Ofizialak izateko ohorea gizonak bakarrik onartzen dituzten elkarte gastronomikoei ematen baitzien. Urteak borrokan igaro ostean, Kaldereroetako tribuak mistoak izatea lortu genuen, lehen emakume zuzendaria Bilgunekide bat izan zelarik. Gaur egun mistoak dira, eta parekideago izan daitezen, emakumeenak diren bi tribu antolatzen ditugu emakumeon parte hartzea bultzatzeko.

Honen bitartean, Danborrada Egunetan ere liskarrak eduki izan ditugu. Arrazoia? Berdina. Donostiako jaiak “herrikoi” deitu arren, gehienak elkarte gastronomikoek antolatzen baitituzte. Eta jakina da, Donostiako “txoko” askotan emakumeok sarrera ukatua dugula, edo baldintzatua (egun konkretuetan sukalderako sarrera ukatua…).

2005ean berdintasun legea atera zen. Legeak bere horretan aldaketarik ekarri ez duen arren (esaterako, ez du alardea aldatzeko balio izan), presioa egiteko tresna bezala erabili ahal izan dugu.

2005. urtean onartutako EAEko berdintasun legeak dio:
25. artikulua. Kultur jarduerak:
“Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan.”
Emakumeen parte hartze minimoa % 10 izan behar da.

Berdintasun legea ez da nahikoa izan Donostiako Jaiak parekideagoak izateko. Urtez urte, presioa eginez eta emakume askoren esfortzuarekin, aldaketak lortzen joan gara. Bilgune Feministako kideok, urtero, Danborradaren behatzaile izan gara eta ikuspegi feministatik urteroko irakurketak helarazi izan ditugu.

Ibilbidearen errepasotxo bat dakarkigu:

·        2006an, legeak zioen minimoa beteaz, Udalak Gaztelubide eta Union Artesana presionatu zituen gutxienekoa zen emakumeon parte hartzea bermatzeko (%10). Hala, 12 emakume gonbidatu zituzten eurekin jotzera. Emakume horiek ezin izan zuten elkartean afaldu eta jantzia euren poltsikotik ordaindu behar izan zuten. Gainera, bizitzan behin parte hartzeko aukera eman zitzaien, eta soilik upela joaz (danborra ez). Elkarteko gizonek, aldiz, bizi osorako plaza ziurtatua dute, afaria elkartean egiten dute eta danborra nahiz upela jotzeko aukera dute. Urte hartan, komunikabideek Gaztelubideren ausardia txalotu eta ospatu zuten berdintasunaren alde eginiko apustuagatik. Baina soilik 12 emakume gonbidatu zituzten parte hartzera (% 10era iristeko kopuru minimoa), diru laguntzak kenduko zizkieten beldur. Prentsan eta telebistan emozio handiarekin zabaldu nahi izan zuten “azkenik, Donostiako jaiak parekideak” zirenaren ideia.

·        2007an ez zen mugimendu berririk egon. Berriro ere betiko argudioa. Elkarte gastronomikoei, Entitate Pribatuak direnez, ezin zaie ezer exijitu. Noski, horregatik diogu feministok Berdintasun Lege horrek ez duela gauza handirako balio.

·        2008an berdintasuna euroen bidez erostea izan zen Udalaren neurri berria. Diru laguntza bikoitzak eskaini zizkien gizonen danborradei misto bihurtzeko aukera eginez gero. Baina zer gertatu zen 1980az geroztik, Kresalak lehen konpainia mistoa sortu zuenetik, hasieratik misto izateko hautua egin zuten konpainiekin? Haiei ez zien halako laguntzarik eskaini.

·        2009an diru laguntzak jaso ahal izateko, danborradak mistoak izatea nahitaezkoa izatera pasa zen. Kopurua ez zen zehaztu, baina emakumeek postu guztietan parte hartzeko aukera izan behar zutela adierazi zuen Udalak. Praktikan, ordea, gutxitan ikusten dira emakumeak militarrez edo sukaldariz jantziak eta danborra jotzen; upela joz egin izan dute txokoa, utzi izan dietenean. Gainera, elkarte batzuetan emakumeek hilabeteko entseguak izaten dituzte, gizonek aste betekoa duten bitartean (euren lehen aldia bada ere). Emakumeon parte hartzea oraindik ere baldintzatua eta mugaz betea izaten jarraitzen du.
     
·           2010ean aspalditik egiten genuen hausnarketa publikoki zabaldu genuen:
Gure hausnarketa edo proposamena ulertzeko, jakin beharra dago, historikoki, 1924 urte ingurutik, Gaztelubidek eta Union Artesanak dutela Donostiako bandera igotzeko eta jaisteko pribilejioa. Bi elkarte hauek soilik gizonenak izan dira urteetan zehar, bai nazken urteotan, Union Artesanaren barruan zatiketa egon da eta bi elkartetan banatu da. Horietako batean emakumeak sartzea onartzen dute.
Donostiarron festaren ikurra den oholtza gainean, bi elkarte matxista hauek dute jaiari hasiera eta bukaera eskaintzeko pribilegioa.

Donostiako Udalari bere garaian, eta gaur egun mantentzen dugun eskaera, honakoa da, beraz:

- Jaiak elitistak direla diogu eta horren arrazoia, udalak oholtzari ematen dion erabilera da. Oholtza jaien errepresentazio gorena bada, herritarrena izan behar da eta ez esklusiboa. Horregatik eskatzen dugu oholtzaren erabilera eta banderaren igoera zein jaitsiera txandakakoa izatea. Ohore hori mistoak diren elkarte guztien artean txandatu dadila.

- Emakumeon parte hartzea eta espazio publikoetan presentzia izatea mugimendu feministak urtez urte, mendez mende, egindako lanaren ondorio dira. Horregatik guztiagatik, ikusezintasunean egon den benetako emakume upelariei, danbor-joleei, festazaleei eta feministei eurek egindako lana aitortzeko, Sarriegiren ondoan emakume upelari bat jartzea proposatzen dugu, danborradaren historiari eta Danborrada Egunean emakumeen parte hartzea bermatzeko egindako borrokari omenaldia egiteko asmoz.

Aurten, aldaketa nabarmena izan da. Eta bai Udalak baita komunikabideek ere lezioa ikasi dutela esan genezake; ez dira ausartu baloraziorik egitera. Oholtza publiko eta ofiziala, telebistan ematen den danborradaren zatia, gaur egun bi elkarte matxista hauen pribilegiopean mantentzen den arren, Udalaren aldetik jai parekideagoen itxura ematen saiatu dira, emakume kopuru bat gonbidatu gisa igoaz, beste elkarte batzuetan dauden partaideak gonbidatuaz... Gure aldetik poza adierazten dugu saiakera horiengatik. Baina oholtzara igotzeko aukera guztion esku ez dagoen bitartean, itxurakerian erortzeko arriskua dagoela gogorarazi nahi diegu. Oholtza publikoa denon esku egotea pausu garrantzitsua izango da. Baina ez azkena.

Elkarte Pribatuen matxismoa, jaietako rol banaketa estereotipatuak, gauetako eraso sexistak… behar bestean lanean jarraitzeko prest gaude, jaiak herrikoiak eta parekideak izan bitarte.

GORA JAI HERRIKOI ETA PAREKIDEAK!
GORA BORROKA FEMINISTA!

Donostiako Bilgune Feminista

--

No hay comentarios: