2010/01/10

Emakume abertzaleon IV. topaketa feministak

---

2009ko azaroa


Badatoz, Emakume abertzaleon IV. topaketa feministak!

Euskal Herria aldatzeko beste pauso bat ematera goaz!




 
 - Aurrekariak
 - Zer landuko dugu?
 - Egitaraua
 - Inskripzioa egiteko


Aurrekariak

Emakume abertzaleon lehen topaketa feministak 2001. urtean egin genituen Leitzan. Topaketa hauetan, Euskal Herriko emakumeon egoeraren gaineko diagnostikora hurbildu eta borroka feministan egon zitezkeen beharrak identifikatzen saiatu ginen. Behar horien artean, Euskal Herri osoan lanean jarduteko eragile feminista baten beharra azaleratu zen eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko Bilgune feminista sortzeko baldintzak jartzen hasi ginen.

Handik urtebetera, Bilgune Feminista sortu genuen. Borrokaren bidea egiten hasi eta berehala gure praktika politikoan eta gure diskurtsoan aurrera pauso bat ematearen beharra sentitu genuen; eta horregatik, 2003ko abenduan Emakume Abertzaleon II. Topaketa Feministak antolatu genituen. Emakumeon zapalkuntzan identifikatu genituen eremu nagusietan emakumeon egoera aztertu eta beharren araberako lan ildoak zehaztu genituen. Hurrengo urteetarako Bilgunearen jarduera finkatu genuen.

Burutu genituen azken topaketak testuinguru politiko berezi batean egin ziren. 2005. urtean Euskal Herria bake prozesu baten atarian zegoen eta prozesu horretan emakumeon parte hartzearen inguruan hitz egitea ezinbestekoa iruditu zitzaigun.

Ordutik lau urte pasa dira eta gaur egun emakumeok Euskal Herrian ditugun arazo eta erronken inguruan gure ikuspegitik eztabaidatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Horregatik datorren abenduaren 12rako, Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak antolatu ditugu.


Zer landuko dugu?

Gure helburu nagusia jendartearen eraldaketa izanik, ezinbestean sistema patriarkalaren tresnen gaineko azterketa gaurkotu eta eragile feminista gisa ditugun erronkak identifikatu behar ditugu.

Sortu gineneko konpromezuari eutsiz borroka feminista eraginkor bat garatu nahi dugu. Horretarako, egun mugimendu feministan orokortua den eztabaida bati heldu nahi diogu; identitateak.

Euskal Herriko eraldaketa gauzatzeko zein praktika feminista behar dugu? Praktika hori aurrera eramateko, zein subjektu feminista behar ditugu? Subjektu horiek, zein identitate hautsi eta sortu behar dituzte?

Identitateen gaian sakontzeaz gain, mugimendu feministarentzako erronka inportantea denari ere heldu nahi diogu. Instituzioek bideratzen duten politika eta planek ez digutela balio esan dugu askotan. Baina nola ezaugarritu beharko genituzke plan, lege eta politika horiek benetan emakumeon egoera iraul dezaten? Zein analisietatik abiatu behar dugu, zein parte hartze eredu bultzatu behar dugu?

Gai hauen guztien inguruan eztabaidatu, formatu eta erabakiak hartu nahi ditugu. Emakume anitzentzako topaketak izatea nahi dugu, ahalik eta ekarpen gehien jaso eta topaketak ahalik eta aberatsen garatu daitezen. Beraz, EMAKUME!! Zatoz datorren abenduaren 12an gurekin batera hausnartzera!


Egitaraua

9:00etan Izen-ematea.
9:45-11:30 Mahai-inguru nagusia: “Nortasun feminista. Zer da eta nola sortzen da identitate feminista?

11:30-12:00 Atsedenaldia

12:00-14:00 Hiru mahai-inguru.
·         Euskal Herriko mugimendu feministak. Identitatea landu duten diskurtso eta praktikak.
·         Identitate feministarik gabe ba al dago Euskal Herria aldatzerik?
·         Sexu identitateak. Eztabaida berriak.
14:00-16:00 Bazkaria
16:00-16:30 Ideia eta ondorio nagusien bateratzea
16:30-18:30 Mahai inguru nagusia: Genero-politikak vs. analisi feministak: Euskal Herriko emakumeen egoerari begiratzeko bi modu.
18:30- Amaiera ekitaldia



Inskripzioa egiteko: www.bilgunetopaketak.mundua.com
Kontu korrontea: 3035 0134 46 1340042190 Ingresoa egiterakoan izen abizenak ipini
Prezioa: 15 euro / Langabetuak: 8 euro
Informazio gehiagorako: ehbf@bilgunefeminista.org

telefonoa: 609 921 373 (16:00etatik 20:30etara)




No hay comentarios: