2010/01/10

Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Gutuna

---


2007ko urria



EUSKAL HERRIKO EMAKUMEON ESKUBIDEEN GUTUNA


SARRERA:ERREALITATEA DESKRIBATZEN 


Milurteko berri honen hasieran, Mundu Martxarako nazioarteko sarea osatzen dugun emakumeok gure eskubideekin zer gertatzen zen aztertzea izan genuen helburu. MUNDUKO EMAKUMEON GUTUNA da horren emaitza, eta orain gure herrian bertan zehaztu nahi dugu gutun hori. Tresna hau beharrezkoa dugu, guri dagozkigun eskubideen lorpenean aurrera egin eta eskubideok beteko direla bermatzen duten mekanismoak exigitzeko, eta era berean, borroka feministaren helburuak eta jarraitu beharreko estrategiak eguneratzeko. Ez da erraza izango, ez horixe.

Duela hiru hamarkadatik herrialde honetan antolaturiko Mugimendu Feministak errealitate patriarkarra eztabaidagai du, emakumeentzat problematikoa, bidegabea eta legez kontrakoa delako; errealitate hau ahalbidetzen duten arrazoiak lokalizatu eta gizon-emakume guztiontzat hobea litzatekeen jendarterako proposamen alternatiboak egin izan ditu Mugimendu Feministak.

Izan dira, bai, oztopoak bidean, baina ikuspuntu formal batetik berdintasuna egon badagoela esan dezakegu: lege eskubideak eta gure ugalkortasunaren kontrola hartu ditugu, goi-mailako heziketara ailegatu gara, lehenago guretzat pentsaezinak ziren lanbideetan aritu gara eta jendartean betetzen dugun funtzioaren gainean zeuden sinesmenak indargabetu ditugu. Orduan, hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik ditugu oraindik indarkeria sexista, diskriminazioa, zapalkuntza eta ikusezintasun egoerak? Benetako borondaterik ez dagoela uste dugu, ezta interesik ere jendarte-gune hierarkizatua generoaren arabera aldatzeko, eta honekin amaitzeko jendarte osoaren jarrera aldaketa beharrezkoa da, gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dute-eta. Gizonak jaio egiten dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.

Euskal Herrian bizi garen emakumeak geure eskubideen gutuna nahi dugu, gaur egun gure herrian bizi dugun egoera islatu eta gure desioak zehaztuko dituena, eta lan egingo dugu gutun hori lortzeko. Ez da erraza izango. Patriarkatuak, mundu osoan berbera izanda ere, ez digulako guztioi era berean eragiten. Jendartearen izaera eta egoera politikoaren arabera itxura ezberdinak izaten ditu. Eta errealitate hori ez da homogeneoa herri honetan bizi garen emakume guztiontzako, Eragiten diguten politikek, Europakoak, bi estatuetakoak ea administrazio ezberdinetakoak, ahaztu ezin ditugun egoera ezberdinak sortzen dituzte gure artean.

Euskal Herrian biztanleriaren erdia baino gehiago gara emakume, gero eta emakumezko gehiago ikus daiteke jendartearen arlo ezberdinetan (arlo sozialean, kulturan, lan-arloan, sindikatuetan…), baina hala eta guztiz ere, botere eta erabaki guneetan gutxiengoa gara: kristalezko sabaia delakoa da.

Balore ekonomiko eta politikoa duten arloetan oso ordezkaritza txikia daukagu. Emakumeok gauden sektoreak oso sektore jakinekoak eta feminizatuak izan ohi dira, mailarik txikienean, gaizki ordaindutako sektoreetan eta kontraturik prekarioenetan. Langabezian luzaroan egoten den pertsona taldea gara, eta ondorioz, laguntza sozialen beharrik handiena duena. Emakume gazteak dira ziurrenez bizitzaren prekarietateak gehien eragiten dien taldea, eta lan ezegonkortasuna indizerik handiena duen taldea… Badira prekarietatea eta bazterkeria dela eta, arreta berezia eskatzen duten sektoreak: emakume baserritarrak diskriminaturik daude  euren lana ez da aintzat hartzen, etxeko langileak  ez ditu Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrak onartzen eta bestetik, sexu langileak , eskubiderik ez izateaz gain, jendarteak beheratu egiten ditu. Esanguratsua da, azken bi arlo hauetan batzea. Atzerritartasun Legearen arabera azken bi arloetakoak izatea herrialde pobreenetatik datozen emakume gehien  dituen sektorea.

Biziraute eta zainketa lanen %80 emakumeok egiten dugu, sozialki eta ekonomikoki, ez dira inoiz aintzat hartzen pertsona guztien bizi-baldintzen ongizatea eta jendarte-antolaketa osatzen laguntzen duten jarduera bezala. Politikan eta ekonomian, erakundeek eta gizonek, etengabe baztertzen dute gure lana.

Emakumeen kontrako bortizkeria da jende eskubideen urraketarik larrienetakoa eta hedatuenetakoa gure jendartean, eta emakume jaio izateagatik bakarrik, geure kontra egiten diren indarkeria mota guztiak sartzen dira hor: sexu gehiegikeriak, derrigorrezko prostituzioa, laneko sexu erasoak, bikotekide denaren edo izandakoaren eskutik emakumeek jasotzen dituzten jipoiak, bai eta heriotza bera ere…. Mugimendu feministari esker, orain dela urte gutxira arte familia arazotzat edota arazo pribatutzat hartu izan den fenomeno hau, jendarteko arazo sozial eta politiko garrantzitsua dela ikusi da. Testuinguru honetan, nabarmentzekoa da botere publikoen ardura zuzena. Nahiz eta gero eta salaketa gehiago egin, epaitegi bereziak sortu eta langile gaituak prestatu, emakumeok gizonen eskutik jasaten dugun biolentziak jendartearen gaitza izaten jarraitzen du.

Une honetan, emakumeon sexualitatea genero-agindu anitzek mugatzen dute, eta afektibitate eta sexu-portaerarako jarraibide zehatz batzuek markatzen dute. Sexu-heziketak zeri begiratzen dion ikustea besterik ez dago: heterosexualitateari eta koitoari edota nahigabeko haurdunaldien prebentzioari. Kontrazepzio neurriak guri zuzentzen zaizkigu ia beti. Abortua kasu jakin batzuetan baino ez da onartzen. Hegoaldean bada Izatezko Bikoteen Lege bat, emakume lesbianen eskubideak emakume heterosexualenekin parekatzen dituena, baina, hala ere, lesbianok ikusezin jarraitzen dugu, identitaterako inolako keinu txikiena egitea ere zaila delarik.

Edertasun femeninoa gurtzen da oraindik, aitzitik, masifikatu egin da, era guztietako produktuen etengabeko ekoizpenean eta kontsumoan oinarritzen den sistema ekonomiko honi esker. Kontzientzia kolektiboan barneratu den guraria da, betiko edertasuna eta gaztetasuna edukitzea, politagoak, argalagoak eta erakargarriagoak izatea… desiragarriagoak azken batean, eta hori lortu ahal izateko, arropa eta kosmetikoak erosi behar dira, neurriz kanpoko gimnasia saioak eta kirurgia arriskutsuak egin, zenbaitetan nahita gosea pasatzeraino ere. Unibertsala da, eguneroko eginbeharra, emakumeok geure buruaz eta munduan dugun estatusaz daukan ideiari eragiten dion jendartearen agindua.

Euskal Herrian bizi garen emakumeok beste gatazka bat ere bizi dugu:euskal gatazka politikoa. Gure herriarentzako une historiko honetan, ezin dugu ahaztu beste herrialdeetako gatazka konponketan emakumeek egin duten lana eta beraz, argi eduki behar dugu protagonista izan behar garela hemen bizi dugun gatazkaren konponbidean ere.

Errealitatea eraikitzeko modu hau ez da kasualitate hutsa. Emakumeok, gizonek eta gizonentzat eraikitako munduan sartu gara. Mundu honek, emakumearen ezkutuko lanaren bizkar baino ezin dezake funtzionatu, eta horrela, ezinezkoa da emakumea izanda eroso sentitzea. Mundu honek beharrezko diren bitarteko guztiak  erabiltzen ditu emakumeok ikusezin izan gaitezen eta gizon ea emakumeen arteko harreman hierarkikoak mantentzeko: hasi hezkuntzatik eta komunikabideetaraino. Emakumeok eta Mugimendu Feministak egindako presioari esker, batez ere, aldaketak izan direla ukatu ezin badugu ere, aldaketek, eurekin batera, kontuan hartu eta aurre egin behar zaien beste erronka batzuk ekarri dituzte. Horretantxe dihardugu. Feminismoak gai izan behar du, XXI. mendeko emakumeok aurrean ditugun kontraesanei erantzun politikoak eta jendarte ereduak emateko.


JENDARTEA ERAIKITZEN 

Feminismoak gai izan behar du jendartea eraldatzeko, erantzun politikoak eta sozialak emateko, XXI. mendean aurre egin beharko diegun kontraesanei. Horregatik eta harremanak hierarkikoak izango ez diren beste jendarte bat eraiki nahi dugulako, gutuna Askatasuna, Parekidetasuna, Elkartasuna eta Bakea printzipioetan oinarritu dugu, gure ikuspegi feministaren arabera ikusita. 
  • ASKATASUNA, guk nahi duguna eraikitzeko garaian, geuk erabaki ahal izateko, bai maila pertsonalean bai kolektiboan, beti ere besteekiko errespetuz.
  • PAREKIDETASUNA. Sexu banaketa gainditu eta pertsona guztiak bere identitate propioarekin baloratua izatea, eskubide eta  betebehar berdinekin eta emakumeon parte hartzea eta botere hartzea  jendarteko eremu guztietan.

  • ELKARTASUNA, gizon eta emakumeen artekoa, herri eta nazioen artekoa, baina, batez ere, emakumeen arteko elkartasuna, gure borrokaren eta eskakizunen motorea baita “on” eta gaiztoen” bereizte patriarkarra desagerrarazteko. Elkartasuna ulertzen dugu elkarlan, onarpen, elkarrizketa eta elkar-laguntza modura, baina baita estrategi modura ere, bizitzeko elementu modura martxan jarri behar duguna, honek inplikazioa eta konpromisoa eskatzen du. 

ASKATASUNA, PAREKIDETASUNA eta ELKARTASUNA baloreei lehentasuna ematen badiegu logika feministatik, BAKEA eta emakumeenganako JUSTIZIA bermatuta daude. Herritartasun maila ezberdinak ezartzen dituen gatazka sozial historikoa konpontzeaz ariko ginateke.

    HERRITARTASUNA  

    Emakume eta gizonezkoen arteko harremanak pareko ez izateak, gizon-emakumeen eskubideetan ere isla du. Herritartasuna zehazterakoan, emakumeok kanpo geratu gara, espazio publikoari lotuta zehaztu baita adiera, eta horretatik kanpo geratu da emakumearena izan den eremua, eremu pribatua alegia. 

    Eremu “publikoa” ezin da  izan gizonezkoena eta “pribatua” emakumezkoena. Dikotomia hau apurtu eta berriro definitu behar da, gizarte demokratiko bat ezin baita onartu pertsona bat bera ere baztertzea. Horrela bakarrik lortuko dugu gaur egun berdintasun formala dena egiazko berdintasuna izatea. 

    Emakumeontzako herritartasunak parte hartzeko eskubidea esan nahi du, aukera berdinekin jendartearen arlo guztietan eta batik bat erabaki guneetan. 

    Estrategia ezberdinak jarri behar dira  praktikan ikusezinak/ezkutuak eta onarpen sozialik ez duten bizitzaren oinarrizko jarduerei izena, balorea eman eta berreskuratzeko, eta  baita  talde modura guretzako neurri mesedegarriak izateko eragin edo erabakitzeko ere.


    HERRITARTASUN ESKUBIDEAK

    Herritartasun eskubideak gure optika feministatik berriro kokatu behar ditugu., ez bakarrik dokumentu batean jasotzeko, beteko direla bermatzeko ere bai. Eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen zerrenda giltza izan behar du amaitzeko edozein diskriminaziorekin, emakumeen kontrako biolentziarekin, pobreziarekin eta bazterketarekin; eta era berean giltza lortzeko sexu, ugalkortasun eta osasun eskubideak. 

    1. Eskubidea, emakumeak gure  bizitza proiektua askatasunean eta aukera berdintasunean egiteko, eten eta oztopatua izan gabe edo familia eta familia unitateen eskubideei lotuta  izan gabe.
    2. Eskubidea aktiboki parte hartzeko eta aintzat hartuak izateko jendarteko edozein arlo eta jardueratan.
    3. Eskubidea emakumeok edozein diziplinetan objektu eta subjektu izateko
    4. Eskubidea, emakumeok gure bidea/bizitza duintasunez  egiteko, gure bizitzako etapa bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuz.
    5. Eskubidea, emakumeak izateagatik gure kontrako biolentziarik ez jasateko
    6. Eskubidea, gure denbora  izatek eta lanerako, aisialdirako edota norberarentzako erabili aukeratzeko.
    7. Eskubidea, nahi dugun  harreman afektibo mota sortu eta garatzeko, eredu heterosexistaren gainetik.
    8. Eskubidea gure identitate sexuala edozein izanda ere sexualitatea askatasunez bizitzeko.
    9. Eskubidea gure gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eta aukeratzeko
    10. Eskubidea lana baldintza duinetan izateko
    11. Eskubidea zainduak izateko eta emakumea izateagatik etxeko eta zaintza lanak egitera. behartuak ez izateko.
    12. Eskubidea lanean aukera berdintasunean partehartzeko, sartzeko, orientatzeko eta prestakuntzarako.
    13. Eskubidea  emakumeon beharrei erantzungo dien osasun zerbitzu erabatekoa eta publikoa izateko.
    14. Eskubidea, emakumeon ekarpenak eta balore feministak izango dituen hezkuntza eredua izateko
    15. Eskubidea,laguntza sozialak eta ekonomikoak jasotzeko, hauek famili unitatepean egon barik.
    16. Eskubidea, balore feministetan oinarritutako euskal kultura sortu, garatu eta transmititzeko.
    17. Eskubidea, emakumeak ikusezin bilakatzen ez dituen edo diskriminatzen ez dituen hizkuntza erabili eta garatzeko
    18. Eskubidea, aktiboki parte hartzeko eta aintzat hartuak izateko jendarteko edozein arlo eta jardueratan.
    19. Eskubidea, emakumeok historian eginiko ekarpenak ezagutu eta transmititzeko. 


























      No hay comentarios: