2010/01/19

DANBORRADA PAREKIDEAREN ALDEKO KANPAINA

---
  

DANBORRADA PAREKIDEAREN ALDEKO ATXIKIMENDUA


Euskal Autonomi Erkidegoan berdintasun legea onartu zenetik jada bost urte igaroko dira hurrengo danborrada iristean. EAEkoaren ondoren Estatuko berdintasun legea ere aurrera atera da. “Eta gu hementxe gaude, antzeko parecido…

Ez gara esateaz nekatuko: “Gure esku dago! Inork ez gaitu salbatuko.” Parekidetasunaren alde baldin bagaude, busti beharra dugu.

Donostiako danborrada gehienak mixtoak direla dio udalak, baina mixto izateak ez du parekideak direnik esan nahi. Esaterako, mixtoak diren hainbat danborradek emakumeoi upelari postuetan jotzen besterik ez digute uzten. Beste batzuek, danborradako afaria gizonen artean ospatu ostean soilik uzten digute beraiekin batera jotzen. Beste talde batzuetan, emakumeok hilabete osoan zehar izaten ditugu entseguak; aldiz, gizonek, berriak izan arren, astebetez bakarrik entseatzen dute (ez da kontuan hartzen emakumeok txikitatik, ikastolan zein kalean, danborradan jo dugun edo ez). Jantziari dagokionez, emakumeok askotan soinekoa ere ordaindu behar izaten dugu gizonen elkarteetako danborradetan parte hartzeko, baina gizonek euren jantzia elkartearen bidez (doan) eskuratzen dute. Hainbat danborradatan emakumeok gehienez bi urtez jarraian parte har dezakegu, gonbidatu gisa, betiere. Gizonek, aldiz, ez dute halako mugarik.

Beraz, danborrada gehienak mixtoak izan arren, parekidetasuna lortzeko bide handia dugu egiteko.

Horrexegatik, idatzi honen bidez, elkarte ezberdinengana eta, oro har, donostiar guztiengana jo nahi dugu, gure Danborrada parekideagoa, herrikoiagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin proposamen zehatzak aurkezteko.


PROPOSAMENA:

1. Donostiar guztiona den Oholtza Publikoa erabiltzeko aukera emakumeoi sarrera eta parte hartzea mugatzen ez diguten taldeek soilik izatea.
2. Oholtzaren erabilpena txandakakoa izatea, bandera igotzeko eta jaisteko pribilegio edo ohorea ere, jaietan parte hartzen duen ororen esku egon dadin.


Proposamen honi elkarte nahiz norbanako ezberdinek euren atxikimendua eman diezaioten bideak jartzen ari gara.

Bukatzeko, Lluis Llachen abestia gure erara moldatuz, honako hau esan nahi dugu: “Zuek tira gogor hortikan, guk ere gogor hemendikan, eta ikusiko dugu nola, nola... laster botako ditugun FESTETAN parte hartzeko jartzen dizkiguten oztopoak!”.


OHARRA: Atxikimenduak, hona bidali:
Donostiako Bilgune Feminista
Anoeta pasealekua 28, 20016 Donostia


Donostiako Bilgune Feminista

No hay comentarios: