2010/01/10

Publizitate sexistarik ez

---

2009ko abendua


PUBLIZITATE DUINA GURE ESKUBIDEA!
JOSTAILUEN PUBLIZITATE SEXISTARIK EZ!



         Aurten berriz ere, telebistan, aldizkarietan eta hedabidetan orohar agertzen den publizitatea sexista dela salatu nahi dugu. Publizitatearen eduki eta moldeetan ez da aldaketarik eman.  Publizitateak eragin handia du jendartean, eta egungo sexuen araberako rolen bereizketa iraunarazten du. 

         Gabonetan kontsumoa eta publizitate sexista nabarmen igotzen dira. Telebistako iragarkiak edota  jostailuen katalogoak ikustea nahikoa da egoeraren larritasunaz jabetzeko. Neskei, zainketa lanetara eta apain egotera bideratutako panpinak eta jolasak egokitzen zaizkie. Etorkizunean “emakume” eredugarri izan daitezen. Mutikoei ordea, jostailu ezberdinen bidez abentura anitzak bizitzera, arriskatzera, ibilgailuen funtzionamendua kontrolatzera, eta ausardiarekin, espazioaren agintea izatera hel daitezkeela irakasten zaie. 

         Jostailuen katalogo eta iragarki hauetan haurrei parekidetasunean hezteko eskubidea urratu eta eduki diskriminatzaileak barneratzen zaizkie. Koloreen bereizketaren, estiloaren nahiz erabilitako hizkuntzaren bidez rol eta funtzio ezberdinak garatzen dituzte neska edo mutil izan. Esaterako, neskei zuzendutako iragarkietan, estilo goxoa erabiltzen da  samurtasun adierazpenak nagusituz. Gizonei zuzenduriko mezuak berriz, ezaugarri menperatzaileak dituzte, eta baita, lehiakortasunari lotutako adierazpenak ere.

         Jostailuen publizitate hau ez dugu nahi! Zuzenean gure duintasunaren aurka doazelako eta haur zein gaztetxoengan txikitatik diskriminazio egoerak iraunarazten dituztelako. Horregatik dei egiten diegu herritarrei saltoki handi nahiz txikietako katalogoak hartu, salatu eta bazter ditzaten. Ez ditugu nahi, iraingarriak direlako! Gure ahalegina hauek desagerraraztea izango da eta jostailuen publizitate sexista gogor salatzea. 2009ko Euskal Herriko Bilgune Feministaren kanpaina jostailuen katalogo sexisten aurka zuzenduko da batez ere. 

         Horrez gain, larria deritzogu publizitate sexistaren aurrean dagoen arduragabekeria. Jostailuen katalogo sexisten aurkako jarrera indartzeaz gain deialdia luzatu nahi diegu:

-         Jostailuen fabrikatzaileei eta publizitate agentziei, diskriminatzaileak eta sexistak diren katalogo eta iragarkiak merkatutik kentzea eskatuz.

-         Instituzioei, publizitate sexista eta diskriminatzaileak merkatutik baztertzeko konpetentziak dituztenei, egoeraren aurrean tamainako neurriak ezarriz.

-         Gurasoei, jostailuen gainean dagoen publizitate zaparrada tentuz aztertzeko eta haurrentzako jostailuen aukeraketa arduratsua egiteko deia luzatzen diegu.

Sexismoa ozen salatuz aurten ere Euskal Herriko herri eta hirietako kaleetan izango gara. Publizitate sexistari aurre egitea helburu hartuta, ekimen, mobilizazio eta salaketa anitzak planteatu ditugu.  

Publizitate duina eskatzen dugu, sexuen arabera diskriminaziorik sortzen ez duena. Publizitate sexistarik ez!

Euskal Herriko Bilgune Feminista, 2009ko Abendua

 

---

No hay comentarios: