2010/01/10

Zuen zerua, gure infernua!

---

2009ko urtarrilaren 5a



Homofobia, transfobia, lesbofobia, matxismoa, sidofobia, sexofobia… STOP!!!

Guk, marikak, bollerak, transexualak, emakumeak... maiz jarrera horiek eta beste hainbat jasan behar izaten ditugu. Hori horrela izanik, geure bizitzak zailagoak eta deserosoagoak egiten dituzten jarrerak, erasoak, erailketak, kaleratzeak, etab. salatzen ditugu.

Azkenaldian ere hitzok erabili behar izan ditugu zenbait pertsonen jarrerak salatzeko, hala nola, Sizzla abeslari jamaikarrarena (reggae abeslari ultrahomofobo, misogino, matxista...), Maria Jesús Lastra kaleratua izan zen lantokiko arduradunarena eta Bilbon bi gazte bortizki eraso zituztenena. Horrez gain, EHGAM taldeak euskal sindikatuei bidalitako eskutitza ere aipatu beharra dago, izan ere, sindikatu gehienek L.G.T.-en errealitatea kontuan hartzen ez duen dekalogoa sinatu baitute, lan munduan ere bagaudela erabat ahantziz.

Talde ezberdinetatik instituzio erlijioso boteretsuenari egiten dizkiogun aurrez aurreko kritikak eta salaketak ez dira inolaz ere berriak, etengabekoak dira eta kolektiboen hastapenetatik egin izan dizkiogu, izan ere, sexualitatea, desira, identitatea, etab. pluralak, anitzak, banakakoak eta plazerez beterikoak direla defendatzen dugun guztion aurkako aurreiritziak garatzen eta gizartean errotzen aritu baita historian zehar, eta hala baitihardu gaur egun ere. Baina guk berretsi egiten dugu: sexudun jaiotzen gara, eta era berean, sexudun hilko gara.

Eliza katolikoak Erroman Ratzinger, Benedicto XVI.a du buru, Madrilen Rouco Varela, eta laster, Jainkoak eragozten ez badu, Munilla Gipuzkoako gotzain izendatuko dute, gure gizarte laiko, progresista eta zientifikoaren zoritxarrerako. José Ignacio Munilla kontserbadore erlijiosoen artean kontserbadoreena dugu, “homosexualen desiran dauden inpultso neurotikoak ezabatzen” dituen “sendatzaile” homofoboa eta abortua “erailketatzat” jotzen duen hierarkiaren lagun mina. Baina, noren aurka egin beharko dugu IHESaren pandemia ere “autoritateen obsesio pansexualista” dela dioenean?

Jakinaren gainean egonik adierazten dugu, Gipuzkoako fededun askok geurekin bat egiten dutela, eta geuk bezalaxe egungo demokrazia gabezia gogor kritikatzen badute ere, hierarkiak euren iritziei zein nahiei entzungor egiten diela.



TransMarikaBolloFeminista Koordinadora

Garaipen, Bilgune Feminista, Medeak, EHGAM


---


1 comentario:

MEDEAK dijo...

Oeoeoeoeoeoeoeoe, Kordinadora TransMarikaBolloFeminista txapelduna!!!!!
Ze ongo pasa genuen botere nazkagarri horri aurre egiten!!!!!!

mua mua mua
auro